Zikoinak eta Telefónica

Orain dela urte batzuk, zikoinak habiak egiten hasi ziren berriz ere Euskal Herriko hainbat herritan, Durangon, Zornotzan, Plentzian, Urduñan eta Mungian besteak beste. Lurgaiari eskerrak eman behar zaizkio, beraiek birsartu baitzituzten Urdaibain 2003-2008 urte artean. Ikusten denez, ekimena arrakastatsua izan da, baina badira zenbait itzal istorio honetan. Iaz, adibidez, “ehiztari” batzuek zikoina bat hil zuten Urdaibai parke barruan. Herri batzuetan, Mungia tartean, zikoinek Telefónicako antena erabiltzen dute habia egiteko eta antza denez Telefónicakoei ez zaie gustatu. Hainbat tramankulu ipintzen hasi dira zikoinek habia egin dezaten saihesteko.

bbt cigüeña vs telefónicaGogoratu behar da zikoina babestutako espeziea dela eta horregatik, ez da bidezkoa horrelako gauzak egitea, kontuan izanda gainera, ez dutela kalterik sortzen. Butroi Bizirik-ek, bazkide baten ekimenez, esku hartzea erabaki dugu, eta Change.org-en eskaera bat egin dugu zikoinen habiak errespeta ditzaten. Mungiako hainbat tokitan sinadura bilketa hasi gara egiten, eta otsailaren 18an Telefónicaren ondoan mahai bat ipini genuen eta teleskopio bat muntatu genuen zikoinak hobeto ikusteko. Esan beharra dago bertako auzokideak zikoinen alde daudela, eta ez zaiela batere gustatzen Telefónicak egiten duena.

Dena den, itxuraz aurten ere gure zikoinek traba guztiak gainditu dituzte eta berriz ere ari dira habia egiten.

Sinatu hemen eskaera. Irudi gehiago ikusteko sakatu hemen 🙂