Zer gertatuko litzateke…?

Zer gertatuko litzateke…?

Duela urte batzuk, Mungiako Munduko Arrozak Egunean, BBTko zenbait lagunek Han eta Hemen izeneko sketch bat egin zuten eta amaieran Bidezko Mundu Bat triptikoa banatu genuen, pentsarazteko asmoz egindako fikziozko albiste batzuekin. Rob Hopkins, Transition Town Mugimenduko sortzaileak, uste du ezinbestekoa dela jendeak bere irudimena erabiltzen hastea «Demagun…?» galdera eginez. 1968ko Parisko Iraultzaren «L’imagination au pouvoir!» leloetako bat ekartzen digu gogora. Rob-ek  «Zer gertatuko litzateke …?» galderari «Baina …» erantzunik ez ematea proposatzen du. Duela lauzpabost urte Liège-en egin zuen tailerraren berri eman zigun. Galdera egiteko eskatu zion hango trantsizio taldeari eta horietako bat izan zen » Zer gertatuko litzateke Liège-ko janari gehiena bertakoa izango balitz?» Iaz, Liège-ra itzuli zenean, 25 kooperatiba berri zeuden, moneta alternatiboa, denda berriak eta denak bertako biztanleek inbertitutako 5 milioi eurori esker! Mugimenduak alkatearekin batera lan egiten du, bera konturatu baita tokiko ekonomian oinarritutako trantsizioa zein beharrezkoa den. Egia esan, Liège “Smart town” izatea nahi zuten lehen, orain ahal duten guztia egin nahi dute trantsizio hiria izan dadin. Zein adibide inspiragarria! Zoritxarrez hemen oso urrun gaude oraindik!