URIBE OPEN: MEÑAKAKO TXORI IRTEERA

Irailaren 26an, igandean, BBTk bertako hegaztiak identifikatzeko ibilaldi bat gidatzeko lana hartu zuen Meñakan, Jata-Ondok tokiko turismoa bultzatzeko antolatutako jarduera Uribe Open programaren barruan.

Aitor Urrutia Mungiako ornitologo gazteak 20 laguneko taldea gidatzeko lana hartu zuen, eta BBTko lagun eta bazkide diren Xabier eta Iñigoren laguntza izan zuen. Berriro ere eguraldi ederrak lagundu gintuen eta talde gogotsuak paseo atsegin batez gozatu zuen. Aitorrek bertako hegaztien egoeraren berri eman zien eta identifikatzen lagundu zien. Zoritxarrez ez ziren txori asko ikusi ezta entzun, baina taldea animatua zegoen eta ibilbideaz eta Aitorren azalpenez gozatu zuen.

Eta beste bi irteerekin gertatu bezala, goiza ederki bukatu zen Crisek prestatutako jateko eta edateko bertako produktu ekologikoen hamaiketako batekin. Beste behin ere, eskerrik asko parte hartu duzuen guztioi eta espero dugu hurrengo udaberrian esperientzia errepikatzea lortuko dugula. Eta Aritz Gamboak ETB 1eko Biba Zuek programan dioen moduan, «Lurrari lotu, eta herriari eutsi!”