URIBE BUTROEKO SAREA

Orrialde hauetan maiz aipatu dugu Aritz Gamboa, arratsaldero 19:50ak aldera ETB 1eko Biba Zuek saioan agertzen den artzaina, eta erreferente bihurtu dena ekologistentzat, baserritarentzat eta benetako trantsizioa lurrean hasten dela pentsatzen duten guztientzat. Bere baserriko azken garapenak erakusteaz gain, Euskal Herriko hainbat tokitan zehar ibiltzen da eta zenbait tokitan gelditzen da  elikadura burujabetza eta nekazaritza jasangarrian oinarritutako proiektu interesgarriak ezagutarazteko. Astearte arratsaldean Uribe-Butroeko Sarekoekin egon zen eta bertan Txomin Urkizak, herriko okin eta BBTko ekintzaileak,  azaldu zuen sarea nola sortu zen. Funtsean, pandemia zela eta tokiko merkatuetan oinarritzen ziren tokiko ekoizleei aukera hori ukatu zitzaien eta beste modu bat bilatu behar izan zuten euren produktuak saltzeko eta ekoizle eta kontsumitzaileen arteko harreman estua mantentzeko. Sareari esker 500 kontsumitzailerekin zuzeneko harremana dute orain! Ez dago gaizki inguruan 30.000 pertsona inguru bizi direla kontuan hartuta.

Argi dago ekimen honekl bertako erakundeen aldetik laguntza are gehiago merezi duela. Klima larrialdiari aurre egiteko seriotasunez aritzeko, hori da bultzatu beharreko kontsumo eredua. Jakina, BBTk ekimen hau babesten du eta laguntzeko zer egin daitekeen ikusten saiatuko da. Dagoeneko Uribe-Butroeko Sareko kideekin elkarlanean aritu gara sagarrak batzen sagar-zukua egiteko, eta zukua salgai dago gure zentroan eta noski Uribe-Butroeko Sarean ere. Baina, noski, gutako bakoitzak ekimen hau lagundu dezakegu eta horretarako aukera ona da Uribe-Butroeko Sareak  eskaintzen duen Sarane Gabonetako saskietako bat erostea. Lau saski ezberdin daude eta prezioak 30 eurotik 50 eurora bitartekoak dira. Interesa duenak www.uribebutroekosarea.eus webgunea bisita dezake edo saraneproiektua@gmail.com helbidera mezu bat bidali edo 688900541 telefono zenbakira deitu. Gabonetako saskietarako eskaerak edozein unetan egin daitezke baina asteko produktuak ostiraletik astelehenera bitartean eskatu behar dira.

Eta ez ahaztu Aritz Gamboaren leloa: Eutsi herriari, lotu lurrari!!!