Mundu mailan ekoizten diren janari guztien herena galtzen da, baina portzentai hori askoz ere handiagoa da herrialde garatu deiturikoetan. Gainera, FAOren arabera, botatako elikagaiek berotegi efektuko gasen % 10 sortzen dituzte eta lurreko baliabideen % 30 baztertutako elikagaiak ekoizteko erabiltzen dira. Hondakinen adibiderik ikusgarrienetako bat ikastetxeetako jantokietan dago, egunero mahai gainean zerbitzatu ez den janaria alferrik botatzen denean. Duela aste batzuk La Sextako Te lo vas a comer programan, Alberto Chicote sukaldari ezagunak erakutsi zuen nola Madrilgo zenbait ikastetxek jendea elikatu ahal izango lukeen janaria zaborretara botatzen zuen. Etxetik gertuago Tolosan, Onintza Rojas ikasleak Tolosa eskualdeko 13 ikastetxetan janari xahuketa ikertu zuen eta urtero 27 tona janari galtzen zela ikusi zuen!
Noski, Tolosa eta Mungia ez dira oso ezberdinak, ezta Euskal Herriko beste edozein herri ere, salbuespenak salbuespen. Esate baterako, Laukariz ikastetxean janari xahuketa nabarmenki txikiagoa da. Duela urte batzuk Hozkailu Solidarioa aurkeztu genuen Mungiako udalean eta udaletxearen atzealdean jartzea proposatu genuen, baina balizko arazo juridikoen beldurrez ez zuten bere gain hartu nahi izan. Egia da ez dela guztiz legezkoa baina ez da ilegala ere janaria ematea eta Hozkailu Solidarioaren proiektuaren atzean dauden pertsonak erantzukizun juridiko guztia bere gain hartzeko prest daude. Gainera,, ez da sekula arazorik egon Hozkailu Solidario hauek jarri diren tokietan. Eta Plentzia da proiektu hau babesten duen adibide ona eta hurbilekoa.
Gaur egun, Hozkailu Solidarioaren sustatzaileek beste proiektu bat sortu dute, Rexcatering, hain zuzen ere. Eskoletan geratzen diren jakiak jan ditzaketen beste pertsona batzuentzat segurtasunez berreskura daitezen bermatzen du, eta horrela soberakinak erraustegira edo zabortegira ez dira bidaltzen. Guztiz bideragarria den proiektua izateaz gain, Innobasque-k azaroaren 3an BECen emango dituen sari banaketa ekitaldian aitortuko diren sei jardunbide egokienen artean egongo da.
BBTk Mungiako eskoletan eta nagusien etxeetan janari xahuketari buruz hausnartzeko eskatu die eta hori murrizteko neurriak hartzeko. Plateretatik botatzen dena edukiontzi marroira doala ziurtatu behar da eta mahaira iristen ez diren jakiei dagokienez, Rexcatering-ekin hitz egin daiteke, jendea elikatzeko nola erabil daitekeen ikusteko. Ez da legez kanpokoa janaria ematea eta azken finean moralki onargaitza da janaria botatzea, batez ere gehienak zakarrontzira heltzen direnean!