Urriaren 7an, osteguna, panpa-belarraren aurkako lan taldearen bosgarren bilera egin zen Busturiko Ekoetxean. Topaketa LifeStopCortaderiak antolatu zuen eta Euskal Herrian egiten den lehen aldia da. Panpa-belarra Euskal Herriko kostalde osoan zehar hedatuta egon arren, bost udalerrik soilik egin dute bat Life proiektuarekin: Bermeok, Gernikak, Arrigorriagak, Irunek eta Hendaiak. Gipuzkoako Foru Aldundia ere batu da, eta Bizkaiko Foru Aldundiak oraindik bat egin ez duen arren, Urdaibaiko Biosfera Erreserbak lau urteko proiektua jarri du abian balio ekologiko berezia duen eremu honetan panpa belarra kontrolatzeko.
Egun intensoa izan zen, talde eta jende askok parte hartu zuen. Panpa-belarra eta beste espezie inbaditzaile batzuei aurre egiteko esperientziak eta esperimentuak kontatu ziren. Horretan aritu zen besteak beste gure lagun Jon Hidalgo; izan ere Lurgaiako kideak arlo horretan egindako lana azaldu zuen. Bistan da lan talde honetan aipatutako guztia laburbiltzea ezinezkoa dela baina guretzat aipagarriena Bermeoko Udalaren adibidea da. 2009an unibertsitateko katedradun batek inbaditzaileei buruzko hitzaldi batek inspiratuta, martxan ipini zuen panpa-belarra kontrolatzeko programa horretarako aurrekontu xume bat erabilita. Gaur egun, programa honi esker ez dago panpa-belar metaketa handirik Bermeon, eta urtero kontratatutako enpresa batek landare inbatzailea kentzen du. Aurten herritarren artean informazio liburuxka bat banatu eta interesa duten pertsonentzako arazoari aurre egiteko ikastaroa antolatu da.
Panpa-belar kopuru handia duten udalerri guztiek parte hartu beharko lukete. Arrietako Udalak, adibidez, bertako buletinean landare hau kentzeko informazioa eman du, eta BBTk Fruizen ekintza bat burutu ondoren, hango udal langilea oso aktiboa izan da pisu berrien inguruan egon den panpa-belarra kontrolatzen. Zoritxarrez, beste hainbat udalek ia ez dute ezer egiten. BBTri dagokionez, Emausekin lanean jarraituko dugu inguruko panpa-belarra kentzeko asmotan, baina laguntza gehiago lortu ezean sinbolikoa baino ez da izango. Eta azkenik, aurten eskualdeko udal guztiei idazteko asmoa dugu informazioa emateko eta arazo honen aurrean zerbait egin dezatela eskatzeko.