Lemoiz gelditu!

Lemoiz gelditu!

Lemoiz Gelditu erakusketa oraindik ikusteko aukera dago. Dagoeneko gure taldeko askok ikusi dute horma-irudia eta erakusketa. Gainera, gure kide bati esker batzuek aukera izan dute erakusketa ikusteko museoko artxibo burua den Mikel Urizar-en eskutik. Hona hemen erakusketari buruzko informazioa: Lemoiz gelditu. Horrez gain, bideo-konferentzia honetan, erakusketa honen komisarioa den Iskandar Rementeriak oso ondo azaltzen du horma-irudiaren historia. Erakusketa ikusi nahi baduzu jakin ezazu epea luzatu egin dela eta maiatzara arte ikusgai izango dela. Hortik aurrera, espero dugu Euskal Herriko beste museoek ere aukera izatea erakusketa hau izateko.

Lemoiz zentral nuklearra zorionez ez da inoiz martxan ipini baina oraindik munstroa han dago Basordas badian; eta noizean behin egitasmo berri bat proposatzen dute leku horretan ipintzeko, azkena akuikultura proiektua izan da. Baina egitasmoen artean ez da inoiz  proposatzen zentrala guztiz desegin eta ahal den neurrian lapurtutako edertasuna berreskuratzea. Hala ere, Lemoizko Etzandarri mendi-taldeak proposatzen du Lemoizko labarrak naturgune babestu izendatzea. Hori bai egitasmo polita! Bitartean zergatik ez gara saiatzen memoria historikoa errekuperatzen eta Lemoizen panel bat ipintzen gogorarazteko zentral honen erokeria? Eta etorkizunean Lemoiz gelditu horma-irudia Lemoizen egon behar da, ez duzue uste?