Sinetsi ezinean, duela mende inguruko haritz asko moztez ari zirela jakin genuen, Gamiz Bidearen ondoan dagoen sarbidetik kotxeen ibilera errazteko. Eta orain jakin dugu proiektu inmobiliariako arduradunek ez zituztela behar ziren baimenak! Noiz ulertuko dugu herri batean ehun urteko haritz bakoitzak bioaniztasunaren alde egiten duen lana? eta lasaitasun eta edertasun estetiko handiko elementu gisa? Douglas Tallamy-k «Bringing Nature Home» liburuan dio haritz heldu bakar batek 4.000 intsektu eta animalia espezie baino gehiago har ditzakeela. Egia izan edo ez, biologo gutxik ukatuko lukete haritza Europako zuhaitz guztien artean, bioaniztasunaren aldetik zuhaitzik aberatsena dela.
Gezurra dirudi duela bi urte BBTk bultzatutako mozioa aho batez onartu zela Mungiako Udalean ordezkaritza duten alderdi politiko guztien eskutik. Mozio hartan gure zuhaitzentzako babes handiagoa eta moztutako zuhaitzak behar bezala ordezkatzea eskatzen zen eta hori da gaurkoan kale egin duena. Jakin nahiko genuke azken urteetan zenbat zuhaitz bota diren Mungian eta zer egin den haien galera konpentsatzeko. Barakaldon adibidez, Ekologistak Martxan-en proposamenari esker, 100 urteko zuhaitzak botatzen direnean antzeko 100 zuhaitz espezie landatzearekin konpentsatu behar da, eta zuhaitz berri horiei babesa eman behar zaie lehen urteetan. Eta horrelako zuhaitzak landatzeko lur nahikorik ez dagoela esaten badute, BBTn uste dugu ondo egokituko litzaiokela «Mungiarako Eraztun Berdea» herri ekimenari. Noski, bien bitartean, Lurgaiak pozik eskertuko luke Muxikan Undabaso bertako basoa sortzeko egindako dohaintzak.