EUSKERAREN EGUNA

Irlanderazko esaera bat dago: «Is fearr Gaeilge bhriste ná Béarla cliste!» (Irlandar hautsia hobea da ingeles jakintsua baino), agian esaera txobinista samarra, baina ideia da jendea ez litzatekeela lotsatu behar irlanderaz hitz egiteaz akatsak egiten baditu ere. Ziur nago AEK-k esaera oso pozik egokituko lukeela euskarara, Euskaraldiak bezala. Jakina, euskaraz «hizkuntza bat ez da galtzen ez dakitenek ikasten ez dutelako, dakitenek hitzegiten ez dutelako baizik» esamoldea baliokidea da. Beno, AEK agian ez legoke ados J.A Artzeren esaera ospetsu honekin, baina kontua da euskara, irlandera edo beste edozein hizkuntza gutxitu, bi arrazoi hauengatik desagertzen dela.

Zoritxarrez, hizkuntzari eusteko ahalegin guztiak egin arren, erraz ohar daiteke Mungian eta inguruko herrietan (eta askoz leku gehiagotan) gazteek gaztelania erabiltzen dutela beren lagunekin komunikatzeko. Ondorioz, ez da harritzekoa gero eta jende gehiago izatea euskararako arnasguneen alde, hau da, ikasleak taldekatzea euskara erabili ohi duten arabera. Tira, ez gara politika honen merituetan edo akatsetan sartuko, baina kontua da euskararen etorkizuna oraindik ez dela segurua, eta ezin zaiela errua gazteei egotzi, helduei eta gure erakundeei ere bai.

Iaz BBTk aktiboki babestu zuen Euskaraldia, eta gure kideak animatu genituen «Belarri Prest» edo «Aho Bizi» izatera. Aurten ez da Euskaraldirik ospatuko, baina jakin badakigu datorren urtean Amurriotik abiatuko dela Korrika, eta apirilaren 10ean amaituko dela Donostian eta horretan bai parte hartuko dugu. Bitartean, abenduaren 3an, euskararen egunean, Mungiako Udalak Olalden antolatutako ekitaldian parte hartuko dugu. Bertan, Lauaxeta poesia sariak banatuko dira eta 2021eko Euskara Saria banatuko zaie Gentzane Ormaetxe eta Edu Iriondo euskaltzaleei.

Azkenik, gure kide guztiak animatu nahi ditugu ahal den guztietan euskara erabiltzen, ikasten ari diren jendeari laguntzen, euskarazko liburuak erosten eta gure idazleei (eta herriko liburu-dendei) laguntzen eta ikusten ETB 1 eta ETB 3 gure seme-alaba eta bilobekin. Gure kide asko ez dira hemen jaioak, baina ahalegin berezia egiten ari dira hizkuntza ikasteko, beraz, egin dezagun ahal dugun guztia hori bultzatzeko eta Europako hizkuntzarik zaharrenetakoa bizirauten laguntzeko. Urtean 365 egun euskaraz! Gure esku dago!