Bertoko basoa landatu eta kontserbatzeko Lurgaiak eta BBTk egindako lankidetzaren esparruan, ekainaren 1ean bi erakundeek Mikel Sarasola BBTko bazkidearen lursail bat bisitatu genuen Mungian, Emerando auzoan, bertan baso autoktono bat garatzeko aukerak ikusteko.
Lursailaren baldintzak oso egokiak dira gaztainondoak, urkiak eta sahatsak landatzeko, batez ere. Hori dela eta, datorren neguan 350 landare inguru landatzeko prestaketa ekintzak hasi genituen, BBTk eta Lurgaiak deitutako boluntarioen artean.
Azpimarragarria da lurraren parte heze batean ohikoa ez den landare haragijale baten ale ugari daudela, bai eta galtzeko arriskuan dagoen beste landare mota bat ere. Horrek esan nahi du gizakiak oso gutxi esku hartzen duela eremu horretan, eta egokia dela hain urriak diren landare horien populazioa berreskuratzeko.