BERRIZ ERE LINDANOA

2017an Ekologistak Martxan-ek salatu zuen lindano asko ageri izana Jata ondoan dagoen Larrezabale zabortegi ohian (Jata zabortegiaren ondoan dagoena), eta gure agintariei galdetu zien zer egingo zuten. Lau urte eta gero, aurten azkenean hasi dira lur azterketa lana egiten. Baina lan hauek hasi baino lehen, bai Ekologistak Martxan, bai BBT, Mungiako udalarekin harremanetan ipini gara eremu honetako segurtasun neurri falta salatzeko. 

Orain dela pare bat aste, gutun baten bidez udalak jakinarazi digu kontratatutako Lurgintza enpresak behar diren neurri guztiak hartu dituela ziurtatzeko inor ez sartzea kutsatutako eremu horretan. Egia da obrak egiten ari zirela, bidea moztuta zegoela substantzia arriskutsuen presentziaz abisatuz. Baina asteburu honetan jakin izan genuen obrak amaitu egin direla (langileentzako txabola kendu baitute) eta inolako arazorik gabe kutsatutako eremuan sartzen ari zela jendea, tartean txangoa egiten ari zen gazte talde bat. Lekura hurbildu gara eta Ertzaintzaren aurrean salatu dugu segurtasun neurri falta. Gainera, esan beharra dago egun horretan sondeoa egin den lekutik urak ihes egiten zuela! Normalean lur jabeak kate bat dauka ipinita sartzeko bidean, baina nahiz eta enpresak giltza  izan, katea aurkitu dugu lurrean botata eta giltzarrapoa moztuta.

Horrez gain, bide ondoan oraindik daude laginez beteriko kutxak eta lagin batzuk kanpoan. Ekologistak Martxanek eta BBTk berriz ere salatu behar dugu segurtasun gabezia, batez ere jakinda lindanoa zein toxikoa den. 

Iturri fidagarri baten arabera, ondoko Jata zabortegian ere lindanoa dago, eta galdetzen dugu zergatik ez dituzten laginak hortik  hartzen. Azkenik, Ekologistak Martxan elkarteak susmoak ditu ondoko Urzuriaga erreka ere kutsatuta egotea.

Botatako katea
Sarrerako bide honetan eskumaldean botatako katea agerian dago
Ura ateratzen sondeo lekutik
Ura sondeo leku batetik ateratzen eta beste laginez beteriko kutxa eskumaldean