Orain ohitura bihurtu da bakiotar eta inguruko askorentzat urteroko San Silvestre lasterketan parte hartzea, eta ohitura ona dela esan beharra dago. Era berean, eskualdeko eta atzerriko surflari askok olatuez gozatu ahal izan zuten eta beste asko mendian ibiltzera joan ziren eguraldi ezohiko onari esker. «Ez-ohikoa» diot, baina askoz ere ohikoagoa bihurtu da abenduaren 31n eguraldi «ona» izatea eta horregatik urtero San Silvestre egunean BBT-ko kide batzuk ibiltzen dira Eneperitik Bakio erdialdera lore-landare kopurua apuntatzeko. Klima aldaketaren ondorioak neurtzeko ekimen hau sortu zuen Botanika Sestao eta Lurgaia natur taldeek orain dela zenbait urte. Eta horrela jasota gerta dadin, aurten 50 espezie inguru ikusi ditugu loretan. Neurketaz gain, aukera paregabea da aparteko konpainian ibilaldi atsegin bat egiteko Bizkaiko paisaia ederrenetako bat begi-bistan. Eta BBTren 10. urteurrena ospatzeko, BBT Kontsumo taldeko kideek harrera goxo eta ondo merezitako hamaiketako batekin hartu gaituzte! 2022. urteari “Agur” esateko modu bikaina, ezta?