Butroi Errekan Arrainak Jarraituko Dira Hiltzen
Joan den ekainean Butroi errekan hainbat arrain hilik agertu ziren. Mungiako jende askok hildako arrain hauek ikusi ahal izan zituen, torrebillelako parke ondoan agerian zeudelako. BBTko kideek URA-Ur agentziari zuzendu zitzaizkion eta urriaren 27an ondoko erantzuna jaso genuen:
Eskerrik asko gurekin harremanetan jartzeagatik.
Arrain hilak antzeman eta gero, ikerketa abiarazi zen eta informazioa bildu da; Udalarekin ikerketaren ondorioetatik tiraka, hartu-emanetan egon gara. Era berean, Ertzaintzari bidaliko diogu informazioa, hark hala eskatuta.
Kloro zantzuak antzeman dira (araudiak ezarritako gehieneko mugatik gertu) eta jatorri zehatza zein izan den zehazteke dago.
Dena dela, egin kontu Butroe ibaiak arazoak dituenla, mugaz gaindiko DQO metatzeengatik.
Horiek konpontzeko, Arrieta edo Errigoiti udalerrietako ur-lohiak Mungiako HUAra bideratu beharko lirateke, edo, bestela, udalerri horietako ur-lohiei irtenbide autonomo bat eman beharko litzaieke, hondakin-uren tratamendu egokia bermatzeko.
Era berean, Mungiako HUAra konektatu beharko dira gaur egun saneamendu-sareak zerbitzatzen ez dituen udalerri horretako isurketak, batez ere Berriaga mendia urbanizaziotik datozenak.
Urbanizazio horrek, isurketa-baimena izan arren, ez ditu bere hondakin-urak behar bezala tratatzen, aipatutako baimenean jasotzen den bezala, eta bere hondakin-urak Mungiako HUAra bideratzea erabateko mesedea egingo lioke ibaiari.
Horiek guztiak Butroi ibaiari erresilientzia-ahalmen handiagoa emango lioke, bere egoera ekologikoa hobetuko baiko luke.
Horrenbestez, agur.
Beraz, inguruko herriek aholkatutako neurriak ez badituzte hartzen, eta Mungiako Udalak ez badu akordio bat lortzen Laukarizko urbanizazioarekin, hau ez da izango Butroi errekan arrainak hilda agertuko diren azkeneko aldia. Gehiago espero dugu gure agintariengandik, eta jakin nahiko genuke arazo hau noiz eta nola amaituko den. Harremanetan ipini gara aipatutako hiru udalekin eta ikusiko dugu zer irtenbide proposatzen duten!