EKHI BERRI ON!
Iparraldeko diru alternatiboa, Euskoa, gero eta indartsuagoa dago. Izan ere, gaur-egun Europako diru alternatiborik erabiliena bihurtu da. Gainera, zenbait udalek, tartean handiena, Baiona, euskoa erabiltzen du ordainketak egiteko. Azken finean, bertako monetak dira ekonomia zirkularren ardatza, eta espekulazioan oinarrituta ez dagoen ekonomia nahi baldin badugu hau oso tresna baliotsua da.
Bizkaian ere gure moneta alternatiboa izan genuen, Ekhia, hain zuzen ere, baina orain dela urte bat eta erdi arazo tekniko eta legalak zirela medio desagertu zen. Baina 2019an, Goiener eta Ekhilur kooperatibei esker, ekhiak erabiltzeko aukera izango dugu berriz ere. Eta oraingo honetan itxura berriarekin, bankuko txartela formatoa izango baitu erabilera erreza eta dinamikoa izan dezan.
Hasieran zenbait lekutan era esperimentalean erabiliko da, eta nola ez, BBTk honetan parte hartuko du. Hala ere, ez da lan makala horrelako egitasmoa aurrera eramatea eta dena boluntarioen bidez egiten da. Beraz, egin zaitezte Ekhilurreko kide eta lagundu bertoko ekonomia zirkularrean. 50 euro nahikoa dira bazkide bihurtu eta bide batez Ekhia berriro errealitate bihur dadin.