INGURUMEN ASTEA MUNGIAN
Ekainaren 5ean Munduko Ingurumen Eguna da. Hori dela eta, azken urteotan Mungiako udalak astean zehar ekimen ezberdinak antolatzen ditu egun hori ospatzeko. Iaz BBT-k irteera bat antolatzen lagundu zuen inguruko tximeletak ezagutarazteko. Aurten proposatu genuen Mungiatik ibilaldi bat egitea, bizikletaz, inguruko txoriak ezagutzeko baina zoritxarrez oso jende gutxi apuntatu zen, agian 09:00etan hasten zelako! Dena den, egin genuen eta emaitzak SEOren Sacre Urbano programarentzat balioko dute. Programa hau, urtero egiten da udaberrian, txorien jarraipena egin eta hirietan dagoen populazioaren joerak ezagutzeko.
Txorien jarraipena egin eta gero asmoa genuen errekaren ur kalitatea ezagutzeko eta errekaren ertzetako garbiketa egiteko, baina inor ez zen apuntatu eta beraz uztailean egingo dugu. Astea amaitzeko oso arrakastatsua izan da prestatu dugun bidezko merkataritzako txokolatada bariku arratsaldean. Txominek beren-beregi prestatu zituen almendra gailetak eta ogi xerrak horretarako. Goxo, goxoa eta errepikatzeko moduan! Eta eskerrak Errota Gaztetxeari lapikoak eta edalontziak uzteagatik!
Txalo bero bat Bentades Ikastetxearentzat Ingurumen egunean Eskola Jasangarriaren Ziurtagiria jasotzeagatik. Orain Mungiako 3 eskolak ofizialki jasangarriak dira. Ez da gutxi!