Domekan, apirilaren 23an, LURRAREN EGUNA ospatu genuen bigarren urtez Mungian. Oso egun polita izan genuen. Goizeko 9etan hasi genuen eguna, herriko txorien behaketarekin. Oso interesgarria izan zen, eta hainbat txori kanta ezberdin entzun ahal izan genituen. Eskerrik asko Joxean Isasiri, txorien inguruko pila bat informazio eman zigun eta.
11:00etan Belen Gonzalezen laguntzarekin errekako uraren kalitatea neurtu genuen. Pasa den urteko emaitzak bezalakoxeak izan ziren, ura nahiko garbi dagoela baieztatu genuen, nahiz eta errekatik hainbat gauza atera genituen, aulki bat tarteko!
Honen ostean, Davidek eta Joxerrak Asiar liztorrak harrapatzeko tranpak egiten irakatsi ziguten, eta haurrek gurasoen laguntzarekin beste asko egin eta parkeko zuhaitzetan jarri zituzten.
Hurrengo aktibitatea baratze bertikalak egitea izan zen. Ana Lopezek hauek egiten irakatsi zigun, bi palet zahar erabiliz. Aurreko urtean margotu genituen paletak, eta oraingoan lur eta lorez bete genituen. Erle, tximeleta eta beste polinizatzaileentzako lagungarriak diren loreak erabili genituen, eta gero bi paletak gasolindegi zaharrean jarri genituen, lekuaren berreskuratzea eskatzeko.
Goiza amaitzeko talo batzuk jan genituen, Xabier, Edu eta Joakinek eginda… Eskerrik asko eguna prestatzen lagundu zenuten guztioi eta aktibitateetan parte hartu zenutenei, bereziki neskatila eta mutikoei… zuek zarete gure etorkizuna!!
Argazki guztiak hemen 🙂