Iaz Euskal Herriko Kontsumo Ekologiko eta Arduratsuko Elkarteen Federazioak euren bileretara joatera gonbidatu gintuzten. Bertan federazioaren helburu, balio eta lan egiteko moduaren berri jakin ahal izan genuen. Azaroan Gasteizko Bio-Alai elkartearen lokalean egin zen bileran egon eta gero, federazioaren partaide izateko eskaera egin genuen. Gure eskaerari baiezkoa eman diote Donostian egin berri duten bileran, beraz, bagara Bizkaia, Gipuzkoa, Araba eta Nafarroako elkarteak saretzen dituen proiektu bikain honen partaide.
Ekokontsumo Federazioaren helburu nagusiak hauek dira: kontsumo ekologiko eta arduratsua zabaldu eta bultzatzea; kontsumo arduratsuarekin lotura duten gaiak lantzen diren foroetan elkarteak ordezkatzea; eta federazioaren helburuak lortzeko elkarteen arteko elkarlana bultzatzea.
Egun Ekokontsumo Federazioa Euskadiko Nekazaritza eta Elikadura Ekologikoaren Kontseiluko (ENEEK) kidea da, eta kontsumo ekologiko eta arduratsua zabaltzeko hainbat ekimen (azokak, hitzaldiak, jardunaldiak) bultzatzen ditu.
Sei elkartez osatutako Federazioak 1750 familia ordezkatzen ditu. Hauek dira elkarte horiek: BioAlai (Vitoria-Gasteiz), LurGozo (Ajangiz), Marisatsa (Durango), Otarra (Donostia), Bidazi (Lesaka) eta Butroi Bizirik-en Transición (Mungia).
Para más info http://ekokontsumo.eus/